XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XII

Lurra lantzen ez duten herrietako jendeen zuzenbideaz

Herri horiek, lurralde mugatu eta hesituan bizi ez direnez, eztabaidagai asko izango dituzte; lur landugabeagatik izango dituzte sesioak, hiritar guztien artean jarauntsiak direla-eta izan ohi diren bezala. Hala, gerra-aukera ugari izango dituzte ehiza, arrantza, abereen bazka, esklaboen hazkundea direla eta; eta lurralderik ez dutenez, hainbeste gauza izango dituzte jendeen zuzenbideaz arautzeko, non ezer gutxi erabaki beharko baitute zuzenbide zibilaren bidez.

XIII Lurra lantzen ez duten herrietan

Lur-partiketak gizentzen du batez ere kode zibila.

Partiketa hori egin ez den nazioetan, oso lege zibil gutxi izango dira.

Herri horietako instituzioei ohitura dei dakieke lege baino areago.

Horrelako nazioetan, zaharrek, iraganeko gauzez oroitzen baitira, aginte handia izan ohi dute; han ez dago nor bere ondasunen arabera bereizterik, besoaren eta aholkuen arabera baizik.

Herri horiek alderrai eta sakabanatuta ibili ohi dira larre edo basoetan.

Ezkontza ez dute gure artean bezain seguru izango, gurean bizi-lekuak finkatzen baitu, eta emaztea etxeaz arduratzen baita; beraz, errazago alda ditzakete emazteak, bat baino gehiago izan, eta batzuetan baita abereak bezala nahastu ere.

Artzaintzatik bizi diren herriak ezin dira abere-taldeetatik bereizi, beren bizibide baitituzte; emazteez ere ezingo lirateke bereizi, hauek zaintzen baitituzte abere-taldeok.

Beraz, denek elkarrekin joan behar dute; izan ere, gehienetan babesleku gutxiko lautada handietan bizi direnez, emazte, haur eta abeltaldeak etsaien harrapakin izango lirateke.

Haien legeek harrapakinaren partiketa arautuko dute, eta arreta berezia eskainiko diete, lapurretei gure lege salikoek bezala.